XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Laborarier. Ilhar.

Egun hoitan irakurtu dut: ez lukela nahi laborariak bere arthoan sobera nahas-mahas: ilhar, khuia, beterraba, eta holako soberakinik.

Arrazoina du laborariak.

Nik ere dauhat, artho eta bertze, hazi gehienak hobeki doazila, berech eginik.

Hobe dukezu behinik behin ilharrarentzat choko edo cherranda berezi bat begiratzea.

Ederrago jinen zautzu, eta pocholurik ez eginen arthoari.

Kozina onak asko galdatzen du: aza, lusagar, porru; pastenagre; bainan oroz gainetik eta guzien zimendu, ilhar.

Sua piztu-ta berehala ezartzen duzu eltzea zorroz suari, erdiz erdi; edo tupina laratzetik dilindan.

Zer du barnean?.

Ur zorta bat eta bizpahiru ahurtara ilhar.

Suak emeki emeki bero dezala, hant-araz, goza, urra, eta orduan egiten duzu kozina bat - eskualdun kozina, edo eskuarazago eltzekaria

Gizona! Zer gauza hura! Hots, ahotik ezin utzia; koller-taraka badoa, zintzurrari behera, hortzak ohartu ere gabe.

Egizu ilhar anhitz; kozina ilhartsu, azkar, janez, etzare lotsa izanen, lanarekin borroka artzeari.

Ilhar anhitz egizu; kozinan bezen on da saltsan.

Eztuzu estakururik ukanen, mehe egunen ez begiratzeko; eztuzu ere beharko zure hutsa urthean lau aldiz aithortu elizako taula zilakatu hartarik barnerat.

Badire anhitz ilhar mota, bainan bereziki biga.

Batzu bihiturik jaten dire, bertzeak leketan, bihitu gabe; leka osoak hala-hala, edo bi hiru pusketan.

Bai bihituz jaten direnak, bai leketan, batzu ala bertze, baditazke goiti doazinak, zurkaitzetan, eta bai aphalak edo motchak.

Hiri inguruetan diren etcheek behar lukete ahalaz orotarik.

Orok badute han joaite, eta irabazi; baratzekari batek bertzea sal-arazten du.

Baserritarrek, hirietarik urrun direnek, egin dezatela bihituz jaten diren ilharretarik.

Begoite lekak barne ahul eta mutur zurientzat; jan azkarraren ehaiteko eihera tcharregi dutenentzat.

Engoitik erainak dituzketzue ilhar goitikoak.

Churi eta gorri, onak dire oro, heldu badire.

Egin ere ilhar motz ausarki; lan gutiago dute; brokatzen dire fruituz; ontzearekin endoa errotik jalgi ta bil errechak dire.

Zangoz zango esteka eta selhauruan dilindan ezar.

Hara bilduak.

Orotaz orhoitzea on da.

Uste balinbaduzu, etchekoz etcheko, edo kampotiar norbaitekin urthean hiru, lau aldiz pestachka bat egin ez ahantz haricot de Soissons, edo de Gampecirc;nes, delako zuri, larri, eder hartarik eraitea.

Izen arrotza badu ere, deus ez du erran nahi.

Ona da; badakizue, zoin ona.